Duela hiru urte gizateriak sekulako hondamendia eragin zuen munduan. Gaizki zuzendutako misil nuklear batek meteorito bat suntsitu zuen. Etxarri Aranatz tamainakoa zen, 33 km karratukoa, eta ez zuen Lurrean erortzeko asmorik. Hala ere, kolpearen ondoren, bere zati kutsatuak planeta osoan barreiatu ziren, eta erabat txikitu zuten. Hiriak irentsi zituzten zuloak sortu eta kontinente osoak zeharkatu zituzten 100 metro baino gehiagoko olatuek erabateko suntsipena erein zuten. Bizitza guztia desagertu zen. Guztia?
Ez! Sakanako bazter batean emakume eta gizon talde batek aurrera jarraitzen du, ahal duten moduan... edo uzten dieten moduan.
Beste udaberri batez, antzerki tailerra bueltan da galdu ezin duzun proposamen zoragarri batekin!
Programazioa
EZKABA
Nafarroako Antzoki Sarearen Sendaberri, paisaia eszeniko berriak programaren barruan, Ezkaba antzezlana Altsasura iritsiko da, Ezkabako espetxeko bizitza eta ihesa eszenaratzen dituena.
Lan hunkigarria da, ez bakarrik Ezkabako espetxeko bizitza nolakoa izan zen kontatzeko konpromiso historikoa hartzen duelako, baizik eta, batez ere, bertako presoen, haien familien eta elkartasun sareen bizitza erakusten duelako.
Miguel Goikoetxandia, testuaren egilea eta zuzendaria, Marta Juániz, Ana Berrade, Raquel Sánchez eta David Larrearekin batera igoko da oholtzara.
Apirilaren 9an, emanaldiaren aurreko hitzaldi bat egingo da, Ezkabako espetxeko datu guztiak eta historia jasoko dituena. Hartu zure gonbidapena.
QUOUSQUE TANDEM ABUTERE
Nafarroako Dantza Garaikidea programaren eskutik, Zuk Performing Art-en Quosque tándem abutere proiektuaren estreinaldiaz gozatu ahal izango dugu udaberri honetan.
Jorge Oteizaren obran oinarrituta, Itsaso A. Cano dantzari eta koreografoak Oteizaren unibertsoari, euskal konstruktibismoari eta egile horren 1963ko saiakerari buruzko bidaia zizelkatu du.
Erakusketaren aurreko astean, obraren ekoizpenerako egoitza teknikoa hartuko dugu Iortian.
ALMACENADOS
Erretreta hartzeko dagoen arduraduna (Iker Galartza) eta bere lanpostuan ordezkatuko duenak (Zuhaitz Gurrutxaga), ezinbestean, bost egunez lantokia partekatuko dute, itxuraz deus gertatzen ez den almazen huts batean. Erlojuaren tik-tak okerra, bi ezezagunen arteko isilune deserosoa, esperoan egotearen amorrazioa, bi pertsonaien arteko gatazka eta gezur handi baten zama. Baldintza guzti horien baitan, bi langileen arteko harremana estutzen joango da eta amankomunean daukaten zera horrek lotuko ditu betirako: galtzaileen kontzientzia.
David Desola idazle kataluniarrak atondu duen komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten du.
ARRAIN BAT BEZALA
Martziali beti gustatu izan zaio arrantza egitea, orduak eta orduak ematea bere txalupa txikian lasaitasunaz gozatzen. Baina azkenaldian badirudi arrainek ihes egiten diotela, agian apur bat despistatuta dabil… Kalean ez da seguru sentitzen, ez daki gauzak non uzten dituen, ezta joan den edo etorri den ere. Ez ditu bere eguneroko xehetasunak gogoratzen.
Arrain bat bezala memoria nola lausotzen den, Martzialen iragana eta oraina nola urtzen diren eta errealitate berri batera nola iristen diren aztertzen du. Poesia bisuala eta musika uztartzen duen ikuskizuna. Sentsibilitatez, maitasunez eta itxaropenez oroimen galtzearen inguruko istorioa da.
TRATAMOS DEMASIADO BIEN A LAS MUJERES
Remedios Buendia bere aberria maite du eta haren alde borrokatuko da guztien gainetik. 1945eko udazkeneko zorigaiztoko egun batean, ihesi doan makien talde batek ideia txar bat izango du: txanda aldatzea Remediosek emaztegai soinekoa probatzen ari den tokian. Egun horretan erakutsiko du noraino irits daitekeen bere balioak defendatuz. Eta inork ezingo du gelditu. Ezta errebeldeen batailoi hau ere, euren fusil ketsuekin eta ukabilak gora dituztela.
SECRETOS DE UN ESCÁNDALO
Hogei urte igaro dira Gracie Atherton-Yu eta Joe senar gaztearen arteko harreman mediatikoak herrialde osoa asaldatu zuenetik. Garai hartan, euren seme-alabak institutuan graduatzear zeuden. Orain, pelikula bat filmatuko dute senar-emazteen arteko historia kontatzeko. Elizabeth Berry aktoreak familiarekin denboraldi bat emango du Gracie hobeto ulertzen saiatzeko, filmean haren papera egingo baitu. Horrek familia desegitea ekarriko du, kanpoko begiradaren presioaren eraginez.
HOTEL ROYAL
Hanna eta Liv, bi lagun estatubatuar, motxilero gisa ari dira bidaiatzen Australian. Dirurik gabe geratu ondoren, Livek, abentura baten bila, The Royal Hotel izeneko pub batean (outbackeko meatze-herri urrun batean) aldi baterako zerbitzari-lan bat onartzeko konbentzituko du Hanna. Tabernako jabe Billyk eta hango pertsona talde batek Australiako alkoholaren kulturari buruzko sarrera zoro bat eskainiko diete, baina egoera kezkagarri batean harrapatuko dituzte laster Hanna eta Liv eta berehala galduko dute kontrola.
LOS PEQUEÑOS AMORES
Teresak oporretako planak aldatuko ditu istripu txiki bat izan duen amari laguntzeko. Ama-alabek uda itogarria igaroko dute elkarrekin, eta ez dira ados jarriko, ezta gauzarik hutsalenetan ere. Hala ere, derrigorrezko elkarbizitzak uste baino gauza gehiago mugituko du, eta udako gauetan Teresak une adierazgarriak biziko ditu bere amaren ondoan.
SALA DE PROFESORES
Carla Nowak matematika eta kiroletako irakasle idealista bat da. Bigarren Hezkuntzako eskola batean lan egingo du lehendabiziko aldiz. Eskolan lapurreta batzuk gertatu dira eta susmo guztiak bere ikasle batengana zuzendu dituzte. Hori ikusita, Carlak gaia sakon aztertzea erabakiko du. Carla guraso suminduen, lankide tematien eta ikasle oldarkorren artean bitartekari lanak egiten saiatuko da, baina horretarako eskola-sistemaren egitura gupidagabeei aurre egin beharko die.